Ondarearen Europako Jardunaldiak 2020. Plentizako Itsasketa Hezkuntza eta Itsas Ondarea

Ondarearen Europako Jardunaldien 20 urte Bizkaian.

Aurten, Ondarearen Europako Jardunaldien 20 urte egingo ditu Bizkaiak. Kultura Ondareari buruzko asmo handiko sentsibilizazio-programa bat da, Europako Kontseiluak Europar Batasunarekin lankide jardunik sustatua. Europa mailan ibilbide luzea duen ekimenak aurrekaririk gabeko arrakasta lortu du, gaur egun 50 estatuk parte hartzen baitute bertan.

Bizkaian, Foru Aldundiak koordinatzen du kanpaina, 70 udalerri baino gehiagoren eta kulturaren arloko ehun erakunde eta elkarte ingururen laguntzarekin. Urrian zehar ateak zabalik izango dituen jarduera bat da, eta jendeak bere ondarearekin eta historiarekin lotutako baliabide ugari ikusteko eta ezagutzeko aukera izango du.

Edizio bakoitzak gai espezifiko bat du, antolatzaile guztientzat baterakoa eta proposamen guztien hari gidaria izango dena. Horri esker, koherentzia handia ematen zaio ekitaldien programa orokorrari, baina, gainera, eta batez ere, oso jarduera landu eta berezien diseinua sustatzen du, urtez urte.

2020: ONDAREA ETA HEZKUNTZA

Kultura-ondarea iraganetik jasotako ondasun-multzo zabal eta dibertso batek osatzen du. Ondasun horietan, kontserbatu beharko liratekeeno eta egungo eta etorkizuneko belaunaldiei transmititu beharko litzaiekeen balioak antzematen ditugu. Komunikazio-prozesu horretan, hezkuntzak funtsezko zeregina betetzen du, pertsonek ondare-ondasunen inguruko ezagutzak eskura ditzaten eta haiekiko errespetuzko eta sentikortasunezko jarrerak garatu ditzaten. Horrela, museo batera, arkeologia-aztarnategi batera, arte-adierazpen batera edo beste edozein kultura-jardueratara hurbiltzeko dugun modua horren inguruan aldez aurretik dugun ezagutzak baldintzatuko du, eta, aldi berean, bizitako esperientzia berri bakoitzak modu positiboan edo negatiboan elikatuko ditu gure ondorengo ohiturak.
PLENTZIAKO ITSASKETA HEZKUNTZA ETA ITSAS ONDAREA. Bisitaldi gidatua eta erakusketa.
Plentziak badu itsas bokazio ukaezina, mendez mende biztanleen eta itsasoaren artean izandako harremanaren emaitza dena. Zerbaitegatik izan zen bertoko nautika eskola Bizkaiko garrantzitsuenetako bat, behintzat, XVIII. mendetik aurrera. Gaur egun, Butroeko Plasentia Museoak Plentziaren historiarekin, oro har, eta itsasketarekin, bereziki, lotutako hainbat objektu (maketak, botozko opariak, argazkiak, tresnak…) berreskuratu eta ikusgai jarri ditu. Erakusketaren beraren bidez eta bisitaldi gidatuen laguntzaz, itsasketaren jakintza zaharra berraurkitu ahal izango dugu.