
MATXITXAKO LURMUTURREKO GUDA (1937-III-5)
Euzkadiko Gudontzidiko ontziek zenbait borrokaldi izan zituzten gerraontzi etsaien aurka. Garrantzitsuena 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen Canarias gurutze-ontzi frankistak, Matxitxako parean, Baionatik Bilbora zetorren konboia atzeman zuenean. Galdames merkatal-ontzia Gipuzkoa, Bizkaya, Nabarra eta Donostiaren babesean zetorren.
Borrokaldiaren ondorioz, Galdames ontzia mendean hartu zuten frankistek, eta Nabarra ontzikoen heriotza goraipagarria gertatu zen. Gipuzkoa Portugaleten sartu zen matxura larri bat zuela, zenbait hildakorekin. Bizkaya Bermeon sartu zen Yorkbrook merkatalontzia askatu ondoren, Canariasek baitzeukan hartua borrokaldia baino lehen. Donostiak Frantzia aldera jo zuen.
Borrokaldian 40 pertsona hil ziren (29 Nabarrakoak, 5 Gipuzkoakoak, 1 Canariasekoa eta 5 Galdameseko bidaiariak) eta Nabarraren 20 marinelak atxilotu ziren. Geroago atxilotuei heriotz zigorra ezarri zieten, baina Canariasen komandanteak eta tiro-arduradunak, Salvador Moreno ontzi-kapitainak eta Manuel Calderón korbeta-kapitainak alegia, Francoren aurrean izandako zuzeneko interbentzioak –oso ekintza ohoragarria inondik ere– haientzako indulto eta liberazioa lortu zuen, erakutsitako ausardiaren errekonozimendutzat. Galdameseko marinel eta pasaiariek, berriz, urte luzetako gartzela pairatu behar izan zuten, eta baten bat afusilatu ere egin zuten.
“Nabarra” bouko tripulazioaren argazkia, batzuk Uribe-Kostako bizilagunak ziren (Deia, 2012)