
Bost bat mende dira euskal baleazaleak Ternua eta Labradorreko kostaldean lehorreratu eta euren izenak ezarri zituztela bertan. Baina berrogeitik gora leku-izen haietatik gehienak galdu egin dira eta egungo toponomian hiri bakarrak segitzen du jatorrian ipinitako izenarekin: Placentiak, Avalon penintsulan, Ternua eta Labradorreko probintzia kanadatarrean. Izen hori, Plentzia euskaldunaren tokiko historialari den Sabino Laucirikak, ikertu eta elkarren arteko lotura ezarri zuen. 1540an ipar portu hartara iritsi ziren euskal arrantzaleen urratsak segitu du geroztik. Placentia Ipar Amerikako euskal kolonia garrantzitsuena izatera heldu zen, eta eskualdeko hiri nabarmenena, euskal marka horren lekukotasun idatzi gutxi ailegatu bazaigu ere, tartean jatorri plentziarrekoa zen Domingo Ibargarayrena. Herriak hondartzatxo bat ere badu eta ikurrin batzuk aireratzen ditu, eta bere hilarrietako batzuetan euskal hitzak ere topa daitezke.
Legatu hori guztia gogora ekarriko da egun hauetan, bertako buruzagi kanadatarrak etorri baitira gure artera, elkar hobeto ezagutu, lokarriak areagotu eta bi udalerrien arteko senidetzea bultzatzeko. Pasentiako alkate Wayne Power eta zinegotzi Noella Collins datorren astelehenerarte egongo dira Plentzian, “duela urte askodanik lortu nahi genuen” proiektua gauzatzearren. Bi herriak 2011an hasi ziren ofizialki erakunde aldeko harremanak ezartzen, Lauciricak bideratutako ahalegina medio.
“Senidetzea bi herrion arteko zor historikoa da, eurak biziki estimatzen dute gure kultura eta bertan garatu genuen alderdi industraialaren marka. Alai eta hunkituta gaude”, aitortzen du alkateak. Udalak euren bisita edertzeko ekitaldi egitarau bat diseinatu dute, baita baleazale plentziarren historia Plentziako herritarren eta bisitarien artean hobeto ezagutarazteko ere.